Gorroto diskurtsoen aurrean, LGBTIAQ+ Harrotasuna!!
Beste behin ere, ekainaren 28 honetan, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadik LGBTIAQ+ Lege Integral propio bat izatea beharrezkoa dela azpimarratzen dugu. Oraingoan, eskuin muturrak bere botere espazioak mundu osoan zabaltzen dituen testuinguru batean, Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean ikusi dugun bezala.
Ez da eskari kapritxoso bat. Ezta gainontzeko autonomia erkidegoekin parekatzeko edo kopiatzeko gogorik ere. Egia den arren, denek urteak daramatzatela mota honetako araudiekin. Asturias izan ezik, lege-proiektua lantzen ari dena; eta Gaztela Leon, eskuin muturrak gobernatuta, izan zuten proiektua baztertua izan dela. Badaude lurraldeak ere, Katalunia esaterako, legeak berritzen ari direnak dagoeneko, eguneratzeko eta hobetzeko.
Batzuek galdetzen dute zergatik ez garen konformatzen indarrean dagoen Estatuko legearekin, indarrean dagoena 2023ko martxotik aurrera. Jendartean Trans Legea bezala ezagutzen dena. Erantzuna erraza da. Osatugabeko aterki orokor bat da. Bere edukia eta irismena oso partziala eta mugatua geratu zen hasierako proiektuaren aldean. Izan ere, ez ditu aintzat hartzen pertsona intersexualak, ez-bitarrak edo estra-bitarrak, asexualak, migratzaileak edo egoera administratibo irregularrean daudenak, besteak beste, ez eta horien gainean jarduten ere.
Bere garrantzia zentralizatuta dauden eskumenetan dago, hala nola erregistro-eremuan, non genero-autodeterminazioaren printzipioa aitortzean garrantzi berezia izan duen. Edo Espainiako Estatuak bere legediaren eskumena duenean (adibidez, lan arloko legeria), Autonomia Erkidegoek gauzatu eta eginkizun jakin batzuk garatu ditzakete.
Baina, eskumenak transferitzen diren arloei dagokienez, eta Euskadin asko eta zabalak dira, eskualdeko exekutibo eta legegile karguak betetzen dituztenen borondate politikoaren menpe gaude. Baita gure Batzar Nagusietan eta Foru Aldundietan boterea dutenena ere. Baita gure Udalak gobernatzen dituzten talde politikoak ere. Beraien ekintza edo ekintza ezaren menpean.
Azkenik, beldur garelako Lege Orokor hau zalantzan jartzen duten eskuin muturreko indarrak Espainiako Estatuan agintera iritsi daitezkeen, non Vox eta baita Alderdi Popularra barne hartzen baitugu, eta gorantz doazen Se acabó la fiesta bezalako beste formazio batzuk ere. Lege hau ahal bezain laster indargabetuko dutela iragarri duten formazioak. Ez dute engainatzen. Bere ideologia publikoa da, sexu eta genero aniztasuna ukatzean oinarritzen dena, baita orientazio heterosexual eta generoaren kontzepzio bitar bati (gizon/emakume) erantzuten ez diotenen eskubideak ukatzean. Non emakumeak berriz ere, espeziearen ugaltzaile rola hartzen dute, horretarako sortuak bait dira, beren pentsamendu erlijiosoaren arabera.
Horregatik, euskal lege integral bat exijitzen dugu, gure eguneroko bizitzan eragina duten arlo guztietan neurri zehatzak xehetasunez bilduko dituena, baliabide zehatzekin, egutegi konkretu batekin eta botere politikoaren gainbegiratze eta kontrol independentearekin, bere xedapenen garapen erreal eta eraginkorrerako.
Eusko Legebiltzarraren egungo konfigurazioak hori posible egingo luke ezkerrean kokatutako indar politiko gehienek beren azken hauteskunde-programetan espresuki aurreikusten baitute Euskal LGTBI+ Lege Integrala (EHBildu, PSE-EE, Sumar eta, era berean Elkarrekin Podemos ordezkaririk gabe geratu den arren). Kontrako muturrean EAJ-PNV, Alderdi Popularra eta Vox daude.
– Pozik gaude lehendabiziko alderdiek kolektiboaren ordezkari diren elkarteekin lankidetza aipatu izana, lege hori prestatzeko eta adosteko benetako beharrizanetara eta sentipenetara. Behatokian eskuragarri jartzen dugu urte hauetan maila honetan egin dugun lana.
– Kezkatzen gaitu proposamen batzuek, hala nola EHBildurenak, prozesu partehartzaile honetan ustezko “adituak” sartzea aipatzeak (bai parlamentuan, bai proposatutako LGBTIAQ+ Euskal Kontseiluaren diseinu eta kontrolean). Nahiz eta haien asmoa ez izan, eta ziur gaude horretaz, proposamen hori erabil daiteke foro horietan sartzeko egiaz gure oinarrizko eskubideen aurka lan egiten duten pertsonak (adibidez, erakundeetako karguetan “aditu” transfoboak izendatzeko). Bai eta horiek aurkeztu eta proposatzen dituzten alderdi politikoen interesen zerbitzura lan egingo duten “peoiak” ere. Historiak erakusten digu, gehiegitan, “adituek” paper erabakigarria jokatu dutela gure zapalkuntzan, patologizazioan eta diskriminazioan. Ez dira beharrezkoak gure beharrak ez aldarrikapenak identifikatzeko. Eta horien presentzia ez da inongo kontrol eta gainbegiratze organotan jaso behar.
– Zalantzan gaude, aurreko legegintzaldian jada prozesu honi bidea irekitzeko giltza eskuetan zuen PSE-EEk, hauteskunde programan agindutakoa ahaztu eta helburu zehatz hori ezertan uztea, EAJ-PNV bere gobernukidea ez haserretzeko.
– Ulergaitza iruditzen zaigu EAJ-PNVren jarrera, Kongresuan alderdi aliatu eta Euskadin oposiziokoa LGBTIAQ+ eskubideen babesaren inguruan. Egia den arren, aurten Euskal Trans Legearen bigarren erreforma bat onartu dela, deskontu garaian, proposatzen duten gainontzeko alderdiekin batera (PSE-EE eta Elkarrekin Podemos) herritarren eta EHBilduren zuzenketa batzuen sartzea erabakita, azken testuan hobekuntza nabarmenak ahalbideratuta.
Alderdi honen ekintza desegokiak ere kritikatzen ditugu Bizkaiko lurralde historikoan, Ekainak 28an, Harrotasunaren eguna bezalako protesta egun baten jabetze instituzionalarekin. Garbiketa arrosa instituzional (pinkwashing) honek ez du islatzen bizi dugun errealitatea, ezta desiratzen dugun errealitatea ere. Ildo horretan, Euskal LGBTIAQ+ Lege Integralaren proposamenean espresuki jasotzen dugu Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztiek:
“LGTBI+ Harrotasun ekitaldien alde egingo dute, lurralde osoan, antolatutako LGTBI+ kolektiboen protagonismoa errespetatuz eta haiek ordezkatzen dituzten elkarte guztiek, behar bezala izena emanda, sustatutako jarduerak lehenetsiz. Saihestuko dute une bakoitzean gobernatzen dituzten alderdiekin zerikusia izan dezaketen elkarteei protagonismo esklusiboa eta baztertzailea ematea, baita eskubide kolektiboen aldeko borrokan erakunde edo enpresa publiko edo pribatuen merkantilizazioa eta jabetze kulturala edo ideologikoa ere.”
Laburbilduz, guztiok babesten gaituen lege bat nahi dugu, eta beti ahaztutako pertsonak barne hartzen dituena: intersexualak, asexualak, aromantikoak, ez-bitarrak, queer-ak… Orientazioen, sexu eta genero identitateen eta adierazpenen, gorpuztasun ez-normatiboen, desmedikalizazioa eta despatologizazioa aurreikusten duen legea. Gorputzaren autodeterminazio printzipioaren defentsan eta babesean oinarrituta dagoen lege bat. Pertsona asexual edo/eta arromantikoekiko ezagutza eta errespetua sustatzen duen legea, eta harremantzeko modua naturalizatzen duena.
Kalea ere guztiontzat aldarrikatzen dugu. Negoziazioa eta adostasuna estrategia bideragarri bakarra, geure buruari diskriminazioaren aurkako tresna eraginkorrak emateko. Aniztasunaren aberastasunak ez duelako bazterketarik onartzen, inork ez dezala kolektiboaren ordezkaritza irizpide politiko edo sigla jakin batzuen arabera bere gain hartzeko aukera izan, edozein izanda ere. Gure kolektiboa ez baita ez homogeneoa ez uniformea. Marra gorri bakarra giza eskubideen defentsa baino ezin da izan.
Ekainaren 28 honetan, kalera eta plazetara aterako gara berriro, manifestatzera. Eskuin muturreko errepresioaren aurka ahotsa altxatzeko. Beraien gorroto diskurtsoen aurka, gure LGBTIAQ+ Harrotasuna erakutsi dezagun, Stonewall-eko altxamenduen eta haien protagonisten oroimenez. Borroka hura gidatu zuten emakume trans beltz eta latinoei omenaldi berezia eginez, orain aste batzuk alde egitea erabaki zuen disidente baten hitzak, Roberta Marrero (1972-2024), askoz hurbilagokoa, geureak eginez. Marsha P. Johnson menderaezin haietako bati eskaini zizkion Todo era por ser fuego poema bilduman (Editorial Continta me tienes, 2022) argitaratutako bertso pare bat: