Komunikabideentzako gida

Komunikabideetako profesionalentzako iradokizunen dekalogoa, LGTBI+ kolektiboari lotutako diskriminazio-egoerei, giza eskubideen urraketei, gorabeherei eta gorroto-delituei buruzko informazioa ematen dutenean.

Komunikazioan diharduten profesionalentzat erantzukizun handi bat da informatzea LGTBI+ pertsonen aurkako (ustezko) intzidente eta gorroto-delituei buruz, pertsona horiekiko asoziazio hutsez egindakoei buruz edo bai eta beste delitu batzuei buruz ere, baldin eta delitu horietan baldin badago inguruabarren bat (Zigor Kodearen 22-4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera[1]) orientazio afektibo-sexualagatiko, genero-identitate edo -adierazpenagatiko edo biktima bihurtutako pertsonen ezaugarri sexualengatiko (benetakoak edo ustezkoak) astungarria izan daitekeena.

Intzidente horien berri behar bezala emateak, gutxieneko sentsibilitate batekin, aldez aurretik izan beharreko ezagutzarekin, erantzukizunarekin eta errespetuarekin, lagungarria izan daiteke kontzientzia publikoa areagotzeko eta justizia soziala sustatzeko.

Aitzitik, kudeaketa mediatiko txar batek aurreiritzi gehiago sortzen ditu, eta horietan gorrotoaren, diskriminazioaren eta estigmatizazio sozialaren kultura indartzen da; estereotipo negatiboak betikotzen ditu, eta, zalantzarik gabe, kalte gehigarriak eragingo dizkie albiste diren gertakarien biktimei, bai zuzenekoei, bai zeharkakoei.

Hain zuzen ere, horrexek bultzatu gaitu kazetaritza lanbide duzuenoi oinarrizko jarraibide batzuk ematera, kontuan izan ditzazuen oro har, eta, bereziki, egunotan Bizkaian egiten ari diren epaiketei begira.

Epaiketa horietan argituko dira bi homizidio-saiakuntzekin lotutako erantzukizun penalak eta zibilak, bai eta ustez gauzatutako bost homizidiorekin (edo gehiagorekin) lotutakoak ere, zeinen ondoren, ondare-delitu desberdinak ere egin baitziren ustez.

Gertakari horietan, biktima guztiak gizonezkoak izan ziren, eta beste gizon batzuekin harremanak izaten zituzten hitzorduetarako aplikazioak erabiliz, baina horrek ez ditu identifikatzen gay edo bisexual gisa, eta haiek ere, sozialki, ez ziren hala identifikatzen kasu guztietan. Izan ere, sexu edo genero bereko pertsonekin harreman sexualak edo afektiboak izateak ez du esan nahi badagoenik orientazio afektibo-sexual jakin bat, beste edozein orientazioren baztertzailea.

Largetsi gabeko prozedura guztietan, Gehitu herri-akusazio gisa aurkeztu zen. Euskal LGTBI+ Behatokiko kide da Gehitu, eta Behatokiaren laguntza eta babes osoa du ekimen horretan.

[1] Delitu egitea arrazakeriarengatik, zio antisemitengatik edo beste bereizkeria-mota batengatik, baldin eta hori biktimaren ideologia, erlijio edo sinesmen, etnia, arraza edo nazio, sexu, adin, orientazio edo identitate sexual edo genero-identitate, genero, aporofobia edo gizarte-bazterketako arrazoi, gaixotasun edo desgaitasunari buruzkoa bada, kontuan hartu gabe baldintza edo inguruabar horiek benetan gertatzen diren jokabidea duen pertsonarengan.

1. Ulertu delituak eta egiaztatu informazioa

Horrelako gertakari bati buruzko informazioa eman aurretik, funtsezkoa da ulertzea zer diren eta nola bereizten diren delitu-mota horiek, eta, horretarako, Zigor Kodean horri buruz tipifikatuta dagoenarekin eta auzitegiak praktikan interpretatzen eta aplikatzen ari direnari buruzko ezagutza izan behar da. Ezagutza-oinarri hori ezinbestekoa izango da informazioa zorrotz egiaztatzeko eta iturri fidagarriekin alderatu eta egiaztatzeko lagungarria izan dakizun.

Aipatutako kasu hauetan, familiak oso harrituta geratu dira; izan ere, isilpean eman zituzten eta oso pribatutzat jotzen zituzten datuak zenbait komunikabidetan zabaldu dira, eta mesfidantza handia sortu zaie sistemaren funtzionamenduari, pribatutasunari eta polizia-egoitzan eta egoitza judizialean, ikerketetan eta zigor-arloko instrukzioan egin dituzten deklarazioekiko gorde beharreko sekretuari dagokienean.

2. Ikertu erakundeak eta prozeduraren kalitatea

Prozedura horietan, garrantzitsuena da erakunde polizialen eta judizialen kontu-ematea eta erakunde horiek gertakariak osorik ikertzea; eta kazetarien eginkizuna da zalantzan jartzea ez ikertzeko, frogarik ez egiteko edo ez akusatzeko hartu dituzten erabakiak.

3. Azaldu zergatik diren garrantzitsuak gertakari horiek, eta ikertu nola lotzen diren gure gizartean gorroto- eta diskriminazio-arazo zabalagoekin

Arlo berean izandako antzeko gertakarien aurretiazko edozein patroi edo historiari buruzko informazioa eman. Bai eta arlo horretan edozein erakunde, entitate edo administrazio publikok egindako jarduketak edo bere eginkizunak alde batera utzi izana. Azpimarratu giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan garrantzitsua den edozein lege-garapen edo -emaitza.

4. Aztergai ditugunak bezain delitu larrien edo gorroto-delituen kasuan, funtsezko premisa bat da inplikatutako pertsonen pribatutasuna babestea, bereziki biktima bihurtu direnena

Ez argitaratu biktima bihurtutako pertsonen eta haien hurbilekoen nortasuna ezagutzera eman dezakeen informaziorik, haien baimenik gabe. Hori egiteak ez du ematen ari zaren informazioa aberasten laguntzen, baizik eta min handiagoa eragiten die dagoeneko gehiegi sufritzen ari direnei.

5. Saihestu bigarren mailako biktimizazioa

Arreta berezia jarri gertakariak deskribatzeko moduari, haien inguruko inguruabarrei, erasoei, eragindako ondorioei… horrekin trauma gehigarririk ez metatzeko pertsona kaltetuei, eta pertsona horiek berriz ez biktimizatzeko.

Erabili beti errespetuzko hizkera, xehetasun tamalgarriaren morboan eta sentsazionalismo arduragabean erori gabe, ikusle, entzule edo irakurle gehiago lortzeko. Pertsonak izendatzeko, erabili beren buruak identifikatzeko erabiltzen duten generoa.

Biktimak, lekukoak edo adituak elkarrizketatzen badituzu, haien baimena lortu ondoren, ziurtatu interpretazio edo gehigarri pertsonalik gabe islatzen duzula transmititu dizutena. Ez etiketatu, ez egin baloraziorik, eta ez epaitu mundua ikusteko erabiltzen dituzun “betaurrekoekin”. Elkarrizketetan, izan ahalik eta enpatiarik eta pazientziarik handiena, presionatu gabe partekatu nahi ez dituzten xehetasunak lortzeko. Errespetatu.

Ez eman bozgorailurik delitu horiek egiten dituztenei beren mezua zabaltzeko edo horrelako ekintzak defendatzen dituztenei. Horren ordez, nabarmendu gorrotoaren aurka borrokatzen duten eta inklusioa sustatzen duten ahotsak.

6. Saihestu estereotipoak eta aurreiritziak

Ez indartu estereotipoak eta aurreiritziak zure lanetan. Ez jeneralizatu, eta ez egotzi erantzukizuna kolektiboei pertsona gutxi batzuen ekintzengatik, ezta, jakina, biktima bihurtutako pertsonen ezaugarriengatik edo portaerengatik.

Jarri fokua delitua egiten duenaren edo intzidentea eragiten duenaren jokabidean eta motibazioetan; eta hori ahalbidetzen, onartzen edo sustatzen duten testuinguru eta pertsonetan, adibidez, gorroto-diskurtsoak hedatuz; izan ere, horiek dira beti gertakari edo delitu horiek areagotzea eragiten duen haztegia.

Sartu ahots desberdinak zure iturrien artean, biktima bihurtutako pertsonen errealitatetik hurbilen dagoen ahotsa ordezkatzen dutenak, eta sustatu zure hedabidean eta zure lanetan inklusioa eta aniztasunarekiko errespetua.

7. Berrikusi eta hobetu

Horrelako gertaera bati buruzko albiste bat zabaldu ondoren, begiratu bat eman eragin dituzun erreakzio eta iruzkinei. Horrela, akatsak zuzendu ahal izango dituzu zuzenketak egitea eskatzen dizuten bidezko kritikak ikusten badituzu. Behar izanez gero, zuzendu eta eskatu barkamena. Ikasi akatsetatik, etorkizunean hobetzeko.

Laburbilduz, eman informazioa modu egokian eta ikuspegi etikoarekin horrelako intzidente edo delituei buruz, gorroto-delitutzat jo daitezkeenak badira edo ez badira.

Arduraz eta sentsibilitatez egiteko, zure ahalegina eta interesa beharrezkoak dira. Ez da gauza gutxi. Izan zaitez jakitun funtsezko zeregina duzula kontzientzia publikoa areagotzeko eta justizia soziala sustatzeko, delitu horiei aurrea hartzeko eta horiekin lotutako erantzukizunak argitzeko. Erantzukizun horiek, askotan, ez baitagozkie materialki egiten dituztenei bakarrik.

8. Eman testuingurua eta aurrekariak

Aprobetxatu duzun boterea zure entzuleak, irakurleak edo ikusleak hezteko eta kontzientziatzeko gorrotoa ongarritzen duten aurreiritzi eta estereotipoei aurre egitearen garrantziaz, eta erabili zure lanak ematen dizun aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko. Kasuak ez dira isolatutzat hartu behar, egiturazkotzat baizik. Egiten duzunak eragina izango du pertzepzio publikoan eta egingo diren edo eragotziko diren politiketan.

9. Baliabideak eman

Eman 028 telefono-zenbakiaren berri. Zenbaki horretara edozein pertsonak dei dezake informazioa eta aholkularitza eskatzeko, urteko egun guztietan, gaztelaniaz edo euskaraz.

10. Egin mundua leku hobea denontzat

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Configurar y más información
Privacidad
Skip to content