2022ko Abuztua 26a, Euskal LGTBI+ Behatokiaren komunikatua

LGTBI+ Euskal Behatokiak abuztuaren 20an, 22:00ak aldera, Bilbon izandako beste LGTBIfobia gertakari baten salaketa jaso du. Gertakari horretan, 17 eta 20 urte bitarteko neska-mutil kuadrilla batek lau pertsona eraso zituen hitzez. Zehazki, horietako bat, gizon trans bat, fisikoki iraindu eta mehatxatu zuten. Erasoak ez zuen okerrera egin, talde erasotzaileko bi neskak esku hartu ondoren, erasoa jasan zuen taldeak bertatik alde egitea erabaki baitzuen. Neskek fisikoki geldiarazi zituzten erasotzaileak, baina aldi berean erasotzaileak justifikatu zituzten mozkorrak zeudela esanez.

Gertakari hori ez da azkenaldian Bizkaian eta, zehazkiago, Bilbon gertatu den bakarra. Abuztuaren 6an, Bilboko artista drag bati hitzezko erasoak egin zizkion gazte-talde batek metroan lanera zihoanean (E, marikoi hori, zer daukak zakila edo alua?, zakila zupatu nahi didak, maritxu horrek?), larderia fisikoa jasan zuen (soinean zeramatzan kaskoak kendu zizkioten, eta lekuz mugitzen saiatu zenean heldu egin zioten, mugitzea galarazteko), baita heriotza-mehatxuak ere (gaur ez haiz bizirik itzuliko etxera). Hori guztia gertatu zen ia beteta zegoen bagoi bereko gainerako bidaiariek hari laguntzeko ezer egin ez zuten bitartean. Azkenean, andre batek esku hartu zuen biktima babesteko eta gainerako bidaiariak lotsarazteko, eta, zorionez, erasotzaileak hurrengo geltokian jaitsi ziren.

Uztailaren 25ean, Boluetako Santana /Fever diskotekaren kanpoaldean, Ángela C., emakume trans gaztea nahita harrapatu zuen gizon batek bere autoarekin. Egoera kritikoan ospitaleratu zuten Gurutzetan, bi hankak txikituta zituela. Familiaren ustez, gertaera horren egilearen motibazioak zerikusia izan zuen biktimaren sexu- edo genero-identitatearekin, eta hori zehazteke dago abian den ikerketan. Bitartean, sare sozialetan iruzkin arrazista eta xenofobo ugari plazaratu dira, egilea atxilotzeko esku hartu zutenen ezaugarri fisikoei eta ustezko jatorriari buruzkoak, baita biktimari berari buruzkoak ere, denak ere, biktimak eta haren senideek merezi duten errespetutik oso urrun daudenak.

Behatoki honek dakiela, hiru gertakari horiei buruz Bilboko Udalak ez du inolako adierazpen publikorik egin.

Gasteizeko jaietan, tamalez beste bi gertakari homofobo izan ziren. Lehena abuztuaren 8ko goizean, Alde Zaharrean, gizon-talde batek gazte bati ekin eta hura iraindu eta bultzatu zuen. Beste gertakari bat hurrengo egunean, txosnen gunean, eraso fisiko bortitz batekin eta irain homofoboekin. Bi gertakari horiei buruzko adierazpen publikoa egin zuen abuztuaren 9an  Gasteizko Udalak. Zoriontzekoa den erreakzioa.

Azkenik, Behatoki honek salaketa anonimo bat jaso du, kasu honetan Idiazabalgo  bizilagun batzuekin lotutakoa, dirudienez, herri horretan behin eta berriz gertatzen ari diren irain eta hitzezko eraso homofoboei buruzkoa.

Horrelako gertakarien aurrean, Euskal LGTBI+ Behatokitik udalbatza guztiei, eta bereziki haien arduradun nagusiei, jarduketa irmoak eta berehalako erantzunak eskatzen dizkiegu. Horretarako, gure ustez, dagoeneko badute lanerako tresna on bat eskura, Gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean tokian-tokian jarduteko gida, zeina Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu baitu joan den uztailaren amaieran. Bertan dituzte landu ditzaketen tresnak eta beren herrietako gertakarien larritasunaren arabera garatu ditzakeen prozedurak.

Jaietako esparruak, gure herri eta hiri guztietako espazio publikoak eta, bereziki, aisialdikoak, ezin dira bihurtu segurtasunik gabeko leku eta bazterkeria-leku, generoa, orientazio afektibo-sexuala, identitatea edo sexu- edo genero-adierazpena edo pertsonen sexu-ezaugarriak direla-eta.

Hori saihestea gure betebehar kolektiboa da. Behatoki honen iritziz, udal-agintarien jarduna erabakigarria da hori lortzeko.

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Configurar y más información
Privacidad
Skip to content