2023ko 28J Komunikatua

Gaur, ekainak 28, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Erreibindikatzeko eguna da, urteetako ahaleginaren ondoren aitortzen joan zaizkigun eskubideen konkistak ospatzeko eguna, eta hemen eta mundu osoko leku askotan oraindik ditugun gabezia ugariak agerian uzteko eguna.

 

Hori dela eta, Bilboko Justizia Jauregiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egitea erabaki dugu pankarta honekin. Izan ere, Euskadin arrazoi gehiegi ditugu kolektiboak sentitzen dituen atsekabea eta haserrea agerian uzteko. Are gehiago, oso kezkatuta gaude.

 

Pentsa liteke eskuin muturreko balizko gobernu zentralaren mehatxua dela kezka horren arrazoia. Zalantzarik gabe, etsipen-iturri handia da. Oraintxe bertan, ultraeskuinak Konstituzio Auzitegian errekurtsoa jarrita dauka transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 4/2023 Legearen aurka, eta, gainera, lege hori indargabetu egin nahi du gobernura iristen bada. Eta ultraeskuinari segitzen dion Alderdi Popularrak ere indargabetuko duela iragarri du. Horrela asebetetzen dituzte pertsona trans-baztertzaileak, horietako batzuk oso boteretsuak, diskurtso publikoen bidez beren indarkeria gizartean dagoeneko kalteberatasun handiko egoeran dauden pertsonen kontra bideratzen dutenak.

 

Baina, zoritxarrez, ez dugu egoera hori gertatu arte itxaron behar, dauden zailtasunak egiaztatzeko, bai alderdi politikoek beren promesak bete ditzaten, edo mehatxuak gauza ditzaten, bai indarrean dauden araudi positiboak garatu eta aplika daitezen.

 

Esate baterako, Justizia Jauregi honetan dagoen Bilboko Erregistro Zibila, gure autonomia-erkidegoko beste Erregistro Zibilak bezala, hilabeteetan aritu da B espedienteetarako aurretiazko hitzordua ukatzen eta etengabe atzeratzen. Espediente horien artean daude martxoaren 2an indarrean sartutako 4/2023 Legean onetsitako sexuaren erregistro-aldaketa egiteko eskaerak



Atzerapen horrek, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako erakunde eskudunek atzerapen hori zuzentzeko eman dituzten azalpen ez oso sinesgarriek eta hartu dituzten neurri minimoek, eta eskubide hori baliatu nahi izan zuten zenbait pertsonari erregistroko funtzionarioek emandako  tratu desegokiak bultzatu zuten Euskal LGTBI+ Behatokia egoera horri buruzko kexa bat aurkeztera Arartekoaren aurrean.

 

Baina Justizia Jauregi hau gure kolektiboarentzat lotsa are handiagoaren ikur ere bada: duela urtebete baino gehiago Bilbon izandako ustezko erailketen inguruan izapideak egin eta justizia administratu behar dituztenen erantzun desegokia. Antzekoak diren kasu batzuen aurrean erantzun judizial guztiz kontrajarriak egon dira: behin betiko largestetik, ustezko giza hilketagatik prozedurak irekitzeraino. Patroi komun bat duten bost heriotza horien kausak ez dira metatu, eta ezin izan dira batera ikertu behin eta berriz errepikatzen eta planeatuta dagoen modus operandi baten zantzuak erakusten eta eskaintzen dituzten gertaera batzuk. Gure ustez, jardunbide hori benetako babeserako oinarrizko eskubidearen aurkakoa da.

 

Hildakoen senideei eta lagunei, zenbait prozeduratan ez zaie akzio-eskaintzarik egin, ez eta garrantzizko ebazpenak jakinarazi ere, horiek ezagutzeko eta errekurtsoa jartzeko eskubidea izan arren. Fiskaltzaren interes-falta eta utzikeriazko jarrera ere deigarriak dira, nahiz eta exijigarria eta beharrezkoa izango litzatekeen fiskaltzak berak eskatzea egin daitezela ikerketa ahalik eta zorrotzena izateko eta gertakariak guztiz argitzeko beharrezkoak diren froga-eginbide guztiak.



Zergatik hain sentsibilitate gutxi? Zergatik hain babes gutxi?

 

Gure ustez, gure erakundeetako eta botere judizialeko postuetan dauden pertsona askok, begi-bistakoa dirudienez, ez dituztelako sinesten gure eskubideak defendatzen dituzten legeak, eta ez dutelako sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntzarik. Gainera, LGTBI+ pertsonen arazoekiko sentikorrak izatea eragozten dieten aurreiritzi asko dituzte barneratuta.




Geure buruari galdetzen diogu berdin jokatuko luketen, biktimak hamar bat gizon edo emakume heterosexual izan balira (horiek ere kontaktu-aplikazioen erabiltzaileak), beste gizon batzuekin harreman afektiboak eta sexualak zituzten gizonak izan ordez.



Beste erakunde batzuei dagokienez, utzikeria hori nabarmenegia da. Bilboko Udalak ez zuen planteatu kasu honetan herri-akusazio gisa aurkeztea ere, indarkeriazko heriotzak izan diren beste kasu batzuetan hala egin duen arren. LGTBI+ pertsonen kasuan, ematen du gay-turismoa Bilbora erakartzeko marketin-kanpainak egitera mugatzen dela. Zuriketa arrosa instituzionalaren adibide argia. Era berean, oraindik ere zain gaude, orientazio afektibo-sexualagatiko, genero-identitateagatiko eta sexu-ezaugarriengatiko gorroto-gertakariak eta -delituak prebenitzeko jarduera-plan eraginkor bat noiz zehaztuko duen udalak.

 

Euskadin, oro har, egoera ez da pozik egoteko modukoa lege-mailan.

 

2012ko EAEko Trans Legearen bigarren erreforma aspalditik ari dira prestatzen Eusko Legebiltzarrean, baina oraindik ez da izapidetu. Are okerrago, aurkeztutako proiektuaren edukiak, hura hobetzeko planteatu diren zuzenketak azkenean sartu ezean, transexual gisa identifikatzen diren emakumeen eta gizonen eguneroko bizitzaren alderdi batzuk bakarrik errazten lagunduko du, eta hori garrantzitsua eta beharrezkoa da, baina ez da nahikoa, baztertu eta kanpoan utziko baititu dikotomia binario horretan sartzen ez diren pertsonak (trans, intersex, ageneroak, genero jariakorrekoak, ez-binarioak).

 

Egungo Eusko Jaurlaritzak ere ez du asmorik EAErako Euskal LGTBI+ Lege Integral bat egiteko, Estatuko Legea indargabetuko balitz eskubide asko Euskadin bermatuta izateko aukera emango lukeena. Eta EAEk dituen eskumenen esparruan bere gain hartu beharreko alderdi guztiak garatzea ahalbidetuko lukeena. 









Behatoki honetatik, lege horren beharra azpimarratzen jarraitzen dugu Madrilen erabakitzen denaren mende ez egoteko. Horregatik, Kongresuan 4/2023 Legearen alde bozkatu zuten Gasteizko legebiltzar-talde guztietako ordezkariekin hitz egin genuen joan den azaroan. 

 

Berariazko legerik ezean, Behatokitik atsedenik gabe lanean jarraitzen dugu, Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai diren lege-proposamen eta lege-proiektu guztietan zuzenketak proposatzeko interes orokorreko eremu nagusiei buruz (hezkuntza, osasuna, lankidetza, kirola, memoria historikoa), LGTBI+ pertsonak eta haien oinarrizko eskubideak kontuan hartu eta aitor daitezen.



Etengabe entzun beharko digute, gure kolektiboak behar duelako, gure hildakoek hala eskatzen dutelako, eta ekintza politikorik ezak horretara behartzen gaituelako. Legezko horma batekin talka egitera ohituta gaude, beti horixe gertatu baitzaigu. Gure eskubideak aitortu dituzten legeetako bat bera ere ez da lortzen erraza izan. Eta lege horiek aplikatzea ere ez da erraza. Horma hau ere saltatuko dugu. Gaur, ekainaren 28an, aurten ere, aldarrikatzen dugun duintasunagatik.

Dokumentua

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Configurar y más información
Privacidad
Skip to content