Non daude pertsona intersexualak eta/edo asexualak?

“Trans Legea” izenez ezagutzen dena funtsezkoa izan da LGTBI+ pertsonen eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko, baina ez, oraindik ez da nahikoa. Hasteko, ez ditu ez barne hartzen, ez babesten, “+” horren identitateak, hala nola pertsona ez-binarioak, asexualak, arromantikoak eta abar. Hala ere, gaian adituak direnek zalantzan jartzen dituzte dagoeneko lortu diren eskubideak, eta argi uzten dute artatzen dituzten pertsonekiko enpatiarik eta ulermenik eza.

Urriaren 19an, Deustuko Unibertsitatean, “Trans Legea” delakoari buruzko jardunaldi bat egin zen, Magistraturako Elkarte Profesionalak (APM) antolatuta. Hurrengo egunean, El Correo-n, jardunaldi hari buruzko albiste bat ikusi genuen, Eusko Jaurlaritzaren organigramarekin lotutako hiru pertsonaren adierazpenak komatxoen artean jasotzen zituena.

Bertan auzitan jartzen da familiak onartzen duela “izen-aldaketa harrigarria den erraztasunarekin. Basurtun ez diegu izena aldatzen. Koherentzia behar dugu”, kontuan hartu gabe nahi ez den izen bat erabiltzeak sor dezakeen ezinegon handia eta gure izenak aukeratu nahia zerbait arrotza balitz bezala tratatuz, nahiz eta testuinguru desberdin batean (adibidez lagunartean goitizen bat aukeratzea) guztiz naturaltzat hartzen den. Oso deigarria den beste adierazpen batean aipatzen dira debekatuta dauden “konbertsio-terapiak, baita interesdunak baimendu arren ere”. Terapia horiek «Sexu-orientazioa, genero-identitatea edo -adierazpena aldatzeko edo moldatzeko ahaleginak» (ECOSIEG, gaztelaniazko akronimoagatik) izenez ere ezagutzen dira, eraginkorrak ez direlako, kaltegarriak direlako eta gutxiengoaren estresa larriagotzen dutelako. Terapia horiek LGTBIfobia betikotu besterik ez dute egiten. Azkenik, oso adierazgarria “genero-disforia” da terminoa erabiltzea, nahiz eta OMEk terminologia hori baztertua duen. Gainerako baieztapenekin batera, transfobiaren zantzu argi bat da hori, eta erakusten du ustezko espezialista horiek ez direla gai gu aurreiritzirik gabe artatzeko. 

Euskal LGTBI+ Behatokitik nabarmendu nahi dugu gure kolektiboarentzat zein garrantzitsua den erakunde publikoek, gizarte-kolektiboek eta komunikabideek ospatzea eta ezagutaraztea gure nortasunak ospatzen dituzten egunak. Egun horiek erabilgarriak dira ikusarazteko, kontzientziatzeko eta gu ere, izan, bagarela naturalizatzeko, azken batean, hizketagai ez dena ez baita existitzen. Adibidez, joan den urrian, bi egun eta aste bat ospatu dira, oihartzun handirik gabe:

Urriaren 11a, Armairutik Ateratzearen eguna

Urriaren 23tik 29ra, Kontzientziazio Asexualaren astea

Urriaren 26a, Intersex Ikusgaitasunaren eguna

Azken bi horiek, bereziki, helburu bat dute: izan, bagarela jakinaraztea eta ez gaitzatela ikusi konpondu beharreko desbideratzeak izango bagina bezala; izan ere, pertsona asexual eta intersexualoi oraindik ere auzitan jartzen digute, izan, bagarela eta medikalizatu egiten gaituzte. Gizarteak egun hauen aurrean erantzun beharko luke esanez, ikusten zaitut, aitortzen zaitut, zure lekua ematen dizut. Deustuko Unibertsitatean egindakoa bezalako ekitaldietan gutaz hitz egiten da, baina gu gabe, eta horrelakoek arrakala irekita mantentzeko eta LGTBI+ eskubideen aurrerapen azkarra eragozteko baino ez dute balio.

Dokumentua

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Configurar y más información
Privacidad
Skip to content